"Nerea Mendizabal"- Haur masaje hezitzailea eta psikopedagogoa.
Masajea ematen bakarrik ez, haurrekin komunikatzen ere irakasten du Nerea Mendizabalek (Zestoa, 1976) bere ikastaroetan. Zumaian ariko da bihartik aurrera. Astelehenetan izango dira saioak, 17:30etik 19:30era, Maria eta Josen, 0-1 urte arteko haurrentzat. Zeintzuk dira haurrentzako masajearen onurak? Garrantzitsuena, haurrekin komunikatzeko bidea sortzen duela. Izan ere, lehenengo urteetan ez dago ahozko komunikaziorik haurrarekin, baina ukimenarekin, begiradarekin, gure presentzia hutsarekin... komunikatu gaitezke. Hori garrantzitsua izango da haurrarekin lotura polita sortzeko. Gainera, azkenengo ikerketek ere argi uzten dute hasierako lotura horrek eragina izango duela ondoren haur horren izaeran. Zein eragin izan ditzake bada nortasunean? Bada, masajea jaso duten haur horiek lasaiagoak, ulerkorragoak izango dira; agresibitate gutxiago izango dute. Baina ez da masajea emanda bakarrik lortzen hori, baita komunikazioarekin, erabateko dedikazioarekin edo bularra luzaro emanda ere. Hori bai, masajea eman eta gainontzekoa ez bada zaintzen, ez da helburua lortzen. Gaur egun dedikazio gutxi eskaintzen al zaie haurrei? Ez nuke orokortuko, baina daramakigun bizimodu frenetiko honetan, lanaz gain etxea eraman behar dugu, eta etxeaz gain haurren heziketaz arduratu behar gara... Gauza asko dauzkagu egiteko, eta zailtasunak ditugu hasierako urteetan behar duten arreta guztia eskaintzeko. Zer irakasten duzue ikastaro hauetan? Hasi aurretik, olioa hartu eta eskuetan berotzen dugun bitartean, haurrari galdetzen diogu ea masajea hartu nahi al duen. Jendeak barre egiten du hau entzutean, baina haurrek, hitzekin adierazi ezin badute ere, aurpegiarekin eta imintzioekin asko adierazten dute. Barrezka hasten dira, badakitelako ondoren masajea datorrela, edo kexaka. Eta errespetatu egin behar da haurrak adierazitakoa. Izan ere, akaso une hori ez da aproposa masajerako. Errespetu horrekin, haurrari adierazten diogu berak nahi ez badu inork ez duela bere gorputza ukitzeko eskubiderik. Gurasoen jarrera nolakoa da? Zenbait gizonezkok beldurra izaten dute, trakets sentitzen direlako. Baina lehen kontaktua eta gero asko lasaitzen dira, eta haurrarekin komunikatzeko bide berriak ezagutzen dituzte. Teknika ez da hain garrantzitsua, norberari senak esaten diona egitea baizik. Moda kontu bezala hasitakoa, eguneroko bizitzarako ikasgaia bilakatu al da? Jendea masajea ikastera etortzen da, baina hori baino gehiago irakasten dugu. Badaude ikastaroa errepikatzen dutenak ere, haurrari dedikazio hori eskaintzea edo beste guraso batzuekin egotea behar dutelako. Ikastaroko bi ordu horiek beraientzako dira; teknika hutsa ikastea baino gehiago da.

No hay comentarios:
Publicar un comentario