2007-12-17

Haurrentzako masajearen lantegia aitarentzat

"Haurrentzako masajearen lantegia aitarentzat":
Aldaketa ugari ari dira gertatzen gure garai honetan; besteak beste,
berdintasuna eta demokrazia tradiziozko usadioei nagusitzen zaizkie
apurka-apurka. Familiaren antolamendu zaharra, zeinean emakume
eta gizonei zeregin eta ardura desberdinak baitzegozkien, galduz doa
azken urteoan, emakumeok plazara atera garenetik. Hala eta guztiz,
zerbait eginkizun dago oraindik, gizonak ez baitira guztiz sartu etxean.
Izan ere, emakumeek askoz ordu gehiago ematen dute etxeko eta
zaingo lanetan, gizonezkoek baino.

Den-denok ahalegindu beharko gara, familiaren ardurak berdintasunez
banatuko baditugu gizon eta emakumeok, emakumeek gainean
daramaten zama astunagoa oztopo handia baita beste eremuetan
jardun ahal izateko.

Portugaleteko Udalak, emakume eta gizonen arteko parekotasuna
lortzeko konpromiso sendoa eginda, Aukera Berdintasunerako II.
Plana (2007-2010) prestatu eta onartu zuen. Plana garatu eta
ebaluatu behar duen Batzorde Mistoak gogoeta egin du
erantzukidetasunaren inguruan eta familia harreman mota berriak
azaldu ditu, berdintasunarekin bat datozenak.

Helburu hori darabilgula, bada, eta 2006an lortutako arrakasta dela
eta, bigarrenez antolatu dugu haurrentzako masajeen lantegia
aitatxuei begira, gizonezko askok seme-alabak zaintzeari dagokionez
berenganatu duten zeregin aktiboa sustatu nahian.

Haurra txiki-txikia denean, aita eta amari dagokie zaintzearen ardura.
Haurra jaio eta berehala ezartzen diren gurasoekiko loturak eragin
zuzena izango du haurraren bizimoduan eta sendotu egingo da
esperientziaz eta praktikaz. Horregatik gonbidatzen zaituztet lantegian
parte hartzera, dudarik ez baitaukat aitatasuna eta seme-alabekiko
harremana hobetzeko eta familia giro zoriontsuagoa lortzeko
baliagarria izango dela.

Aita eta ni, umea
Hauxe da erantzukidetasuna:
Gizon eta emakumeen artean banatutako ardura, familiaren zaingoari eta
etxeko lanari dagokienez. Bizikidetzaren funts nagusietako bat da.
Familia artean, batetik, erabakiak hartzearen, eta bestetik, familiakide guztien
ongizaterako behar diren lan guztien plangintzaren ardura zeinak bere
gain hartu eta banatzea.

Aitatxuen kontuak
Gizonezkook, gizonezko izateagatik tradizioz esleitu diguten zeregina
aldatu behar dugu ezinbestez.
Etxeko lan zehatz batzuetan oso gutxitan hartzen dugu esku: arropa
garbitu, hautsa kendu, zorua garbitu, bainugela garbitu edo arropa zabaltzea,
oro har, emakumeen ardura dira. Apurka-apurka hasi behar gara gu ere
horrelakoetan jarduten, eta aitatasunak berez dakartzan beste zeregin
batzuetan ere bai: haurrei ibiltzen, hitz egiten, jaten irakatsi, haien higienea
zaindu, etab. Horrela, seme-alabak zaintzeak ematen duen ordain afektiboa
gozatuko dugu, errazago aurkituko dugu aita-betekizuna, sentituko dugu
kapaz garela haurrak zaintzeko eta haien nahiei adi egoteko, geure senak
eta elkarrekiko beharrizanak aurkituko ditugu eta, azkenik, horren guztiaren
ondorioz, autoestimua sendotuko dugu, dudarik gabe.
Lantegi hau opari baten modukoa da, afektoen elikadura ematen die aita
eta haurrari eta izan daiteke, halaber, seme edo alabarekin denbora
luzeagoa emateko modu dibertigarri polita ere bai.

Informazio zabalagoa jaso nahi baduzu lantegiari buruz, zatoz informaziosaiora.
Urriaren 25ean egingo dugu 19:30ean Santa Klara kulturtegian.
Gizarte Ongizate Saila 94 472 92 12
bienestar@portugalete.org

Haurrarekin lotura polita sortzeko aukera ematen du masajeak


"Nerea Mendizabal"- Haur masaje hezitzailea eta psikopedagogoa.
Masajea ematen bakarrik ez, haurrekin komunikatzen ere irakasten du Nerea Mendizabalek (Zestoa, 1976) bere ikastaroetan. Zumaian ariko da bihartik aurrera. Astelehenetan izango dira saioak, 17:30etik 19:30era, Maria eta Josen, 0-1 urte arteko haurrentzat. Zeintzuk dira haurrentzako masajearen onurak? Garrantzitsuena, haurrekin komunikatzeko bidea sortzen duela. Izan ere, lehenengo urteetan ez dago ahozko komunikaziorik haurrarekin, baina ukimenarekin, begiradarekin, gure presentzia hutsarekin... komunikatu gaitezke. Hori garrantzitsua izango da haurrarekin lotura polita sortzeko. Gainera, azkenengo ikerketek ere argi uzten dute hasierako lotura horrek eragina izango duela ondoren haur horren izaeran. Zein eragin izan ditzake bada nortasunean? Bada, masajea jaso duten haur horiek lasaiagoak, ulerkorragoak izango dira; agresibitate gutxiago izango dute. Baina ez da masajea emanda bakarrik lortzen hori, baita komunikazioarekin, erabateko dedikazioarekin edo bularra luzaro emanda ere. Hori bai, masajea eman eta gainontzekoa ez bada zaintzen, ez da helburua lortzen. Gaur egun dedikazio gutxi eskaintzen al zaie haurrei? Ez nuke orokortuko, baina daramakigun bizimodu frenetiko honetan, lanaz gain etxea eraman behar dugu, eta etxeaz gain haurren heziketaz arduratu behar gara... Gauza asko dauzkagu egiteko, eta zailtasunak ditugu hasierako urteetan behar duten arreta guztia eskaintzeko. Zer irakasten duzue ikastaro hauetan? Hasi aurretik, olioa hartu eta eskuetan berotzen dugun bitartean, haurrari galdetzen diogu ea masajea hartu nahi al duen. Jendeak barre egiten du hau entzutean, baina haurrek, hitzekin adierazi ezin badute ere, aurpegiarekin eta imintzioekin asko adierazten dute. Barrezka hasten dira, badakitelako ondoren masajea datorrela, edo kexaka. Eta errespetatu egin behar da haurrak adierazitakoa. Izan ere, akaso une hori ez da aproposa masajerako. Errespetu horrekin, haurrari adierazten diogu berak nahi ez badu inork ez duela bere gorputza ukitzeko eskubiderik. Gurasoen jarrera nolakoa da? Zenbait gizonezkok beldurra izaten dute, trakets sentitzen direlako. Baina lehen kontaktua eta gero asko lasaitzen dira, eta haurrarekin komunikatzeko bide berriak ezagutzen dituzte. Teknika ez da hain garrantzitsua, norberari senak esaten diona egitea baizik. Moda kontu bezala hasitakoa, eguneroko bizitzarako ikasgaia bilakatu al da? Jendea masajea ikastera etortzen da, baina hori baino gehiago irakasten dugu. Badaude ikastaroa errepikatzen dutenak ere, haurrari dedikazio hori eskaintzea edo beste guraso batzuekin egotea behar dutelako. Ikastaroko bi ordu horiek beraientzako dira; teknika hutsa ikastea baino gehiago da.