2007-11-25

IBARRA: UZTURPE HAUR ESKOLA

"Ibarrako Uzturpe" Haur Eskolak masaje ikastaro bereziak antolatu zituen azaroan.




Ibarrako Uzturpe Haur Eskolak masaje ikastaro bereziak antolatu zituen azaroan: irakasleentzat, adin desberdinetako haurren gurasoentzat (0tik 3 urtera) eta, haurdun zeuden emakumeentzat.Azaroaren 9tik 30era bitartean eman ziren ikastaro hauek. Haurrak adin desberdinetako taldeetan banatu ziren eta masaje irakaslea Jose Ramon Mauduit izan zen, gorputz terapeuta, psikologoa eta prebentzio mailako aditua.Egunerokotasunean, denbora bat eskainiz eta lasaitasuna adieraziz, giro goxoa sortu eta haurrari bere azala zein den erakusten zaio masajearekin.Masaje teknikak ikastea baino, haurren eta helduen arteko komunikazioa nola bideratu eta eskuratu izan da saio hauen helburuetako bat. Masajearen bidez lantzen dena tonuaren bidez trasmititzen da. Intimitate hau gurasoekin bakarrik bizi dezakete haurrek. Eta giro atsegin batean sortzen da haurraren eta helduaren arteko benetazko komunikazioa. Geroari begira, errazagoa egingo zaio gurasoari haurra ulertzea.
MERTXE ETA BERE HAURRA: Mertxe Malbonak masaje ikastaroan parte hartu zuen. Bi urteko umea du eta lehen aldia izan da honelako ikastaro batean izena ematen duena.Esperientziarekin oso gustura agertu da Mertxe: “Ikastaroa interesgarria izan da. Baina, bi urteko umea ez da geldi egoten eta batzuetan zaila egiten zitzaidan umeari begiratu eta maisuak zioena ulertzea. Masajea emateko, berriz, postura batzuetan jartzen zirenean aprobetxatzen genuen. Adin horretan asko mugitzen dira, pentsatzen dut ume txikiagoekin errazagoa izango dela. Hala ere, ikastaroa gomendatuko nuke. Teoriak oso baliagarriak iruditu zaizkit”. Mertxek haurdun dauden emakumeentzako ikastaroan ere parte hartu zuen: “Haurdunaldiko azken hilabeteetako ondoezak ekiditeko hainbat aholku eman zizkiguten. Ikastaro hau bestearen ondoan oso desberdina zen, baina interesgarria baita ere. Egia esan, motza egin zitzaidan. Emakume gehienak bikotearekin joan ziren. Eta orain, ume bat daukadala, konturatu naiz ikastaro honetan emandako hainbat aholku oso baliagarri zaizkidala. Erakutsi zizkiguten gauzak oso interesgarriak dira”.

No hay comentarios: